- Artikulu hau basamortuari buruzkoa da; Afrikako herrialdea gaitzat duena beste hau da: «Mendebaldeko Sahara»
Sahara[1] (arabieraz: الصحراء الكبرى, aṣ-Ṣaḥrāʾ al-Kubrā, 'basamorturik handiena') —Sahara basamortua edo Saharako basamortua bezala ere ezaguna— munduko basamortu handiena da, 9.065.000 km² luze-zabal. Afrikako iparraldean kokatuta dago eta bi eskualdetan banatzen du kontinentea: basamortutik iparraldera eta hegoaldera.
Ekialdean Itsaso Gorria du, iparraldean Atlas mendiak eta Mediterraneo itsasoa ditu eta mendebaldean Ozeano Atlantikoa. Geologoen arabera 2,5 miloi urte baino gehiago ditu. Honako herrialdeetan kokaturik dago: Aljeria, Tunisia, Maroko, Arabiar Errepublika Demokratiko Sahararra, Mauritania, Niger, Libia, Egipto eta Txad, nahiz eta jakina den bere mugak aldakorrak diren basamortua zabaldu eta estutu egiten delako ziklo erregularretan.
Sahara izena arabierazko basamortu (صحراء) hitzetik dator. Hori dela eta, Sahara basamortua tautotoponimotzat har daiteke. Hango biztanleak sahariarrak dira.
Ordoki zabala da oro har, landarerik gabea, harritsua (hamada) eta hareatsua (erg). Aljeriako Saharako Ahaggar eta Txad iparraldeko Tibesti dira mendialde garaienak. Behe-ordokiak, zenbaitetan, itsas mailatik behera daude, Egiptoko Qattara sakonunea, esaterako.
Saharako eremu zabal askotan ez du euririk egiten urteetan. Tenperaturek aldaketa handiak dituzte urtean zehar, eta baita egunean zehar ere. Basamortuaren iparraldean eta mendialdeetan izotza egiten du neguan. Tenperatura gorenak uztailean eta abuztuan izaten dira iparraldean (70 °C harean), eta maiatzean eta ekainean hegoaldean.
Berdeguneetan inguruko basamortuetan baino klima leunagoa da, mikroklima edo tokiko klima bereziari esker. Iparraldean haize alisio lehorrak jotzen du ia urte guztian, eta hegoaldean montzoi haizeek jotzen dute. Montzoiekin batera euria egiten du Sahelen, basamortu gordina hasten den lerroan hain zuzen. Basamortuko haizeak bortitzak dira batzuetan eta harea-ekaitzak sortzen dituzte. Sahelen udazkenean jotzen duen harmattan haizeak urtaro hezean hazitako bazkarako landareak ihartzen ditu.
Ozeano Atlantikoaren eragina nabarmena den zerrenda oso estua da. Mediterraneo itsasoaren ertzeko Libia eta Egiptoko kostaldeetan tenperatura leunagoak izaten dira, eta estepako landareak hazten dira. Basamortuaren erdialdean ez du euririk egiten eta ez dago landarerik. Paleolitoan eta Neolitoan Sahara lurralde hezea zen; horren lekuko dira aurkitu diren historia aurreko pintura ugariak, artzainen zibilizazio handi baten aztarna direnak.
Behin elurra egin zuen, 1979ko otsailaren 18an, Aljeriako hegoaldean, gauez.
Datila eta palmondoa dira Saharako landare nagusiak eta oasietan hazten dira. Basamortuko muturretan akaziak eta milazkak ikus daitezke. Faunari dagokionez lurralde lehorretara egokitutako animaliak (gameluak, dromedarioak) bizi dira.
Basamortuko muturretan gazelak eta antilopeak daude, eta intsektu eta hegazti mota batzuek alderik alde igarotzen dituzte eremurik lehor eta beroenak.
Oasi guztiak kanalizaturik daude landa lurretan ura egoteko. Sarritan ura ez dator ibaietatik, lurpeko uretik baizik.
Oasietan bizi ziren biztanleak beltzak ziren, Mediterraneo aldeko zuri berbereak iritsi ziren arte. Berberiar etniakoak dira, gaur egun, iparraldeko herri arabiar-berberiarrak, mendebaleko musulmanak (Mauritania) eta erdialdeko tuaregak. Berberiarren eta beltzen arteko nahastearen ondorengoak dira Txad iparraldeko Tibestiko teda herriak eta basamortuko hegoaldekoak. Bi bizimodu nagusi bereizi dira antzinatetik Saharan: artzain nomadena (basamortuko muturretan) eta oasietako nekazariena. Saharako estatuetako gobernuek eta ekonomia aldaketa sakonek bizileku finkorik ez dutenen bizimodu aldaketa bultzatzen ari dira gaur egun.
Ibilgailu motordunak agertu artean gameluak ziren garraio motarik erabilienak eta berdeguneetan atsedenaldiak hartuta alderik alde, iparraldetik hegoaldera, igarotzen zuten basamortua. Gamelu karabanek urrea, bolia eta esklaboak garraiatzen zituzten hegoaldetik Mediterraneoko kostalderaino, eta itzulian gatza eramaten zuten hegoaldera.
Lurpeko aberastasunen ustiapenaren (burdina, kobre eta manganeso hobiak Aljeria eta Mauritanian; fosfatoak Mendebaleko Saharan; gas naturala eta petrolioa Libia, Aljeria, Tunisia eta Egipton).